Behi indiar baten memoriak

“Eta jiratu nuen burua, ikusi nuen ikusi nuena, baina, edozein modutara, zerbait berriaren aurrean nengoela iruditu zitzaidan, eta agian mundu honetara etorria nintzela”

Bernardo Atxaga.

 1-IMG_8353

Atxagaren imajinaziotik sortutako Mo behi maitagarri hark munduratzean sentitu zuena sentitu dut nik sarritan sortaldera etorri nintzenetik. Indiak egunero harritu nau. Eta batzuetan behi indiarren tankera hartu diot nire buruari: pasatzen denari begira lelotuta bezala, ikusitakoaz hausnarrean, juiziorik egin ezinik. Baina ni ez naiz behia eta orain zapatak jantzi eta banoa. Bukatzear da; bai bidaia eta bai bloga.

Ikasgai ederra izan da, gogorra ere bai zenbaitetan. Indian zaildu egiten da dena, Indiak zaildu egiten zaitu; hain gara desberdinak… Oro har menpekoagoak direla esango nuke, batez ere emakumeak, baina hauek ere erakutsi didate irribarrea bizi baldintza gogorrenetan. Hori irakaspen paregabea izan da.

Hasieratik sortu zidaten jakinmina emakumeek Indian, beren bizitza isila ezagutu nahi nuen. Bizitza isila daramate, plano ezkutu batean gainera, emakumeak ez dira protagonista. Horregatik eman nahi nien tartea blogean. Beren ahotsa entzunarazi nahi nuen. Zer moduz bizi zara? Zer aldatuko zenuke? Zeren falta duzu? Nola iritsi zara egoera honetara? Gauza asko jakin nahi nituen, eta tradizioaren pisua ikusi dut gehienetan. Eta ikusi dut gero eta historia gehiago ditudala inguruan, gero eta gertuago gainera. Denek egon beharko lukete blogean.

1-IMG_7239

Bi urte hauetan zer geratu zaidan bihotzean:

– Bihotzean daramat elkarrizketa bakoitzean sortu den lilura. Enpatia eta intimitatea. Badakit emakumeak inportante sentitu direla nik beren hitzak koadernoan apuntatzen nituen bitartean. Bat nabarmentzekotan, Raquelen elkarrizketa aipatuko nuke. Nire antzeko neska bat ikusten nuelako, bat batean, egoera jasangaitz batek irentsi zuena.

– Bihotzean daramat negar egin dudan aldi bakoitza. Batez ere atzerritarrentzako erroldatze bulegoan. Gaizki tratatzen dute atzerritarra han, mila oztopo, mila buelta, mila paper… Fotokopiagailuko arduraduna den gizonak titietara begiratzen dizu bulegotik gertuen dagoen kioskoan (hamabost minutora gutxienez). Bost txakur erdi hilda kioskoaren ondoan, bero lamara, eta bazoaz fotokopiarekin bulegora, baina jakinaren gainean zaude fotokopia entregatu bezain pronto beste paper berri bat eskatuko dizuetela, edo fotokopiaren fotokopia, edo ezkerreko belarriaren neurria enbaxadako zigiluarekin. Ez da inoiz amaitzen. Unibertsitatean lau hilabeteko ikastaro baterako hamar argazki aurkeztu behar izan nituen matrikula osatzeko, uste dut bi unibertsitate karrera egiten ez nuela hainbeste paper bete Euskal Herrian.

Burokraziaren amesgaiztoaz aparte atzerritarrekiko jarrera deserosoa nabari izan dut sarri. Esango nuke indarrak, kasta gizartean ohitutako daudelako seguru asko, gutxietsita sentitzen direla zurien aurrean, zuri garelako bakarrik, automatikoki. Eta orduan gure gainetik daudela erakutsi nahi dute askok, lekuz kanpo gaudela erakutsi nahi digute, batez ere lezio moralak ematen. Kontraesan kulturalek gaizki ulertuak sortzen dituzte. Horrelakoetan bizi izan dut indiarren jarrera soberbio eta gutxieslea neure azalean. Banketxeetan, unibertsitatean, eta etxe atarian bertan ere bai: bikotekideari besarkada bat emateagatik errieta entzun behar izan nuen adibidez: «Gure kultura ez duzue errespetatzen! Zer pentsatuko dute haurrek!».

– Bihotzean daramat atzerritarron harropuzkeria. Guk ere badakigu lerdoak izaten. Uste dut atzerritar batzuek, hemen hainbeste pobrezia ikusita, beren burua petrolioaren magnateen pare ikusten dutela… Sarritan sentitu dut lotsa, batez ere beren buruari gogorarazten diotenean hemen “certain level-eko jendea” direla, eta nahi dituzten kapritxoak lor ditzaketela. Sarritan sentitu dut lotsa certain level-eko zuri hori zerbitzaria hutsaren pare tratatzen hasten denean, edo bere lantegiko indiarrak kritikatzen hasten denean. Kode kultural desberdinak ditugula ahaztuta, mundu-ikuskera desberdina dugula ahaztuta… Eta batez ere bere eskulan merkeari esker aberasten ari dela ahaztuta.

– Bihotzean daramat eskale baten negarra gauean. Afari batetik bueltan gentozela izan zen, semaforo batean. Agure batek haur jaioberri bat zuen besoetan. Parrandara zihoazen gazte aberats artean ari zen eskean, baina autoetako leiho polarizatuek babesten zituzten. Bazuen eskale hark zerbait ez zaidana inoiz ahaztuko. Desesperazioa agian, malkoak… eta oraindik ez diot barkatzen nire buruari ezer eman ez izana.

– Bihotzean daramat irribarrea, irribarrerik espero ez nuenean. Gure aitaren bila joan nintzen Mumbai-ko aireportura pasa den astean. Bidean familia asko ikusi nituen kalean lo. Semaforo gorri bat familia horietako baten pare-parean tokatu zen. Berriz ere semaforoa. Eta errukiz begiratu nien. Alabatxo bat eskuak hanka artean zituela lo. Beste bi anai arreba elkarri helduta. Esna zegoen bakarra, emakume bat zen, ama izango zen. Eserita zegoen niri so. Elkarri begira egon ginen segundo batzuk eta, orduan, sekulako irribarrea erakutsi zidan, eta eskuarekin agur egin. Harrituta erantzun nion, pozik. Barruak mugitu zizkidan jarrera horrek.

Zerbait berria daramat barruan Indiatik.

1-IMG_0754 - copia1-IMG_07581-IMG_0800

1-IMG_0937

Askatasuna paretean

Puneko zalapartaren erdian oasi bat, hiriko erritmo eta tradizioak ahazten dira horma honen inguruan. Kasualitatez iritsi nintzen lehenengoan eta koadernoa eta boligrafoa hartuta bigarrengoan. Puneko eskalada mundutxoa ezagutu dut, giroa aparta da, adin, sexu eta klase guztietako jendea ongietorria da hemen. 

Annie-k Hogeita bederatzi urte ditu eta bere buruari urtebeteko epea eman zion bizitzeko, gauzak aldatzen ez baziren bere buruaz beste egingo zuen. Aitorpen hori bota dit bat batean, eskaladak bizitza aldatu diola azaltzeko. Baina gero kostata eta isilune askorekin atera zaizkio hitzak: «Duela lau hilabete anaia galdu nuen. Auto istripu batean hil zen hamasei urteko anaia, eta nolabait horren arduradun sentitu nintzen. Gainera oso iragan gogorra izan dut… baina ez dut nahi horri buruz hitz egin». Lagun batek eskalatzera ekarri zuen duela bi hilabete eta hemen «bakea» aurkitu du, «askatasuna».

Apartekoa da Annie, bakarrik bizi da eta ez ezkontzeko erabakia hartu du. Lana ere bere kasara egiten du, arkitekto freelance-a baita. Eta bi urtez egon zen New Yorken bizitzen hirigintzako masterrak egiteko Columbiako unibertsitatean. Eta horrela ere bere ametsa pertsona independenteagoa izatea da.

Ederra da Anniek eskalada nola deskribatzen duen: «Zerbait meditatiboa da, burua eta gorputza erabili behar dituzu, mina eta plazera elkartzen dira, adiktiboa da. Gainera hemen familia bat bihurtu gara, ez dago juiziorik, giro zoragarria dago, berdin dio neska edo mutila izan, guztientzako kirola da eta guztien babesa eta laguntza duzu».

Oraindik berria da horma hau, 2011an ireki zuten eta ez du jende gehiegik ezagutzen, orain emakumezko eta gizonezko kopuru antzekoa biltzen da hemen.

1-IMG_1474

Annie-ri bizitza aldatu dio eskaladak

Sherya-k zibilizazioen historia azterketa du hamarretan baina goizeko zortzietako agertu da hormara, argazkiak aterako nizkiola hitz eman diotelako. Horma behin igo du di-da batean. Hamaika urte ditu, aurten hasi da eskalatzen eta dagoeneko Indiako bosgarren onena da bere mailan. Urrian izan zen txapelketa, orduan azterketak galdu zituen eta aste honetara atzeratu dizkiote. «Aitak ekarri ninduen hona lehenengoz, bera da gehien animatzen nauena. Lagunek, irakasleek eta gainontzeko familiak ere asko animatzen naute». Bere ametsa Everest mendia eskalatzea da.

 1-IMG_1411-001 1-IMG_1405

Rucha-k hamasei urte ditu eta sei hilabete daramatza eskalatzen, «anaiak ekarri ninduen probatzera eta izugarri gustatu zitzaidan, eguneroko errutinan abentura topatu nuen. Eta lehen aldiz goraino iritsi nintzenean negarrak irten zidan». Ruchak dioenez pareta honetan entrenatzen duten guztiek dominaren bat irabazten dute, egunero egunero entrenatzen dute bi orduz. Horma naturaletan lehen postua lortu zuen Hampi-n egin zen txapelketa nazionalean.

 1-IMG_1429

Nijaten azken laneguna

1-IMG_1323

Desberdina da. Irekia eta ausarta. Bakarrik egotetik jendearen errespetua irabaztera pasa da. Hainbat gauzei egin die uko bere ametsak betetzeko, familiari eta aberastasunari besteak beste. Gernikako enpresa batentzat jardun da lanean ia bi urtez eta gaurkoa azken eguna du fabrika honetan. Egunero bezala arratsaldeko seietan iritsi da etxera autobusean, penarekin laga du Rinder, baina bere erabakiz.

Zeure borondatez utzi duzu lana, zergatik?

Ni gustura nago lanarekin, enpresa oso ona da eta baldintzak ere bai. Auto eta motoentzako argiak egiten ditugu eta Produkzioaren planifikazioaz arduratzen naiz, bezeroen eskaerak kudeatzen ditut. Emakumeek ardura hauek izatea ez da arrunta, niri asko gustatzen zait lan hau. Baina bi urteko alaba bat dut eta egun osoan amaginarrebak zaintzen du. Eta horrek arazoak sortu dizkigu familian: Batetik haserreak bikote harremanean eta senarraren familiarekin eta bestetik inguruko jendearen mesprezua.  Hemen gaizki ikusita dago emakumeek etxetik kanpo lan egitea. Ohituraren arabera amaginarrebari lagundu beharko nioke eta pixkanaka bere lana nire gain hartu, adinean aurrera egiten duen heinean.

Gero eta emakume gehiago daude etxetik kanpora lanean baina oraindik oso gutxi. Rinderren sei emakume gaude eta ni naiz ezkonduta dagoen bakarra, emakume ezkondu bakarra da 100 langileko ofizina batean; izan ere, ezkontzean lanari uko egiten diote gehienek. Nik uste dut emakumeok behar duguna autoestimu gehiago dela, gure ametsak defendatzeko.

Enpresa berrian haurtzaindegi bat dago eta alaba nirekin eramateko aukera dut, horregatik Yazaki-ra aldatzea. Hau ere automozioko enpresa bat da eta antzeko funtzioa izango dut.

1-IMG_1328

Beste multinazional batera zoaz, aukera hobea al da enpresa indiar batean lan egitea baino?

Bai. Nire ahalmena erakusteko aukera gehiago dut atzerriko enpresetan, emakumeenganako errespetu gehiago dute eta horrek autokonfidantza irabazten laguntzen du, profesionalki errazagoa dut garatzea. Gainera sistema eta prozesu aurreratuagoak erabiltzen dituzte oro har, eta etikoki zuzenagoak direla esango nuke.

Zure ingurukoek onartu al dute zuk etxetik kanpo lan egitea?

Nire jatorrizko familiak ez. Beraiekin harremana erabat eten nuen duela zenbait urte. Senarraren familian emakume bakarra naiz etxetik kanpo lanean, eta nola hala onartu dute. Indian ehuneko hogei zeuretzat bizi zara eta ehuneko laurogeia gizartearen onarpenarentzat, horregatik da gogorra denontzat. Adibidez bizilagunek ere gaizki ikusi dutelako nire jokabidea, eta horrelako gauzek familian ere badute eragina, ez nigan bakarrik.

Batzuetan galdetzen diot neure buruari ‘Merezi al du hainbesteko ahaleginak?’ Etxetik kanpo lana –batzuetan uste dut jendeak pentsatzen duela lanera ondo pasatzera joaten naizela–; etxera etorri eta etxeko lanak; umearen ardura; horiek denak gutxi ez eta gainera presio soziala eta familiarra…

Baina ni nire ametsa betetzen ari naiz. Ni beti sentitu izan naiz berezia, apartekoa. Eskolan oso azkarra nintzen, talentuduna. Lanean emakume bakarra naiz, eta ezkontza, zer esanik ez, hori ere diferentea izan nuen: Musulman batekin ezkondu nintzen ni hindua izanik. Beraz islamera aldatu behar izan nuen. Odol hindua dut baina bihotz musulmana.

1-IMG_1322

Nola iritsi zara honaino?

Hasteko, nire familiarekin apurtuta. Punjab-en jaio nintzen familia tradizional eta aberats batean. Nire aitak armadan egiten zuen lan eta hiriz hiri aldatzen ibili behar izan nuen berarekin. Bestalde, familiako negozioa genuen eta ni horren arduradun izan nedin nahi zuten. Baina nik ez nuen bizimodu hori nahi. Dena baztertu eta etxetik alde egin nuen.

Hogei urterekin erabateko bakardadean nengoen bat batean. Bizitza erreala ez nuen ezagutzen ordura arte dena eginda eman zidatelako, etxea zerbitzarik josita izaten genuen; esne-mamitan hazitako neskatila inuzentea nintzen. Sekula enkargu bat egitera joan gabekoa nintzen, hortik atera kontuak.

Ez nekien espinakak erosten. Ez nekien kozinatzen, ezta gasa pizten ere. Jendearekin hitz egiten ere ez nekien! Poliki-poliki ikasten joan nintzen eta urtebetean lana aurkitu nuen. Lan horretan ezagutu nuen Nizam, senarra, eta berak eta bere familiak asko lagundu zidaten. Gainera ingeniaritza ikasi nuen lanean ari nintzen bitartean.

Palak paneer… edo espinakak espinaka zapore gabe

Hilean behin edo bitan gertatzen zait: etxera iritsi eta giltzak falta. Giltza etxean ahazteko zaletasun handia dut eta auzoko sarrailagileek ondo ezagutzen naute. Oraingoan etxeko apopiloari deitu diot laguntza eske:

—Kaixo Paula, badakit zita batean zaudela, baina giltzarik gabe nago eta txizak lehertzen gainera. Etortzerik ba al duzu?

—Bai Mari lasai, oraintxe naiz, hamabost minututan,

—Eskerrik asko, eta barkatu…

Hamabost minutu 900 segundo dira, eta horiek segundo asko dira etxeko ateari begira egoteko… Goiko solairuan ahotsak entzun ditut, disimulurik gabe begiratu dut eta zabalik dagoen ate batetik emakume bat ikusi dut haurra besoetan hartuta.

—Kaixoo! –hasi natzaio ahotsa pixka bat altxatuz-. Bosgarren pisuko bizilaguna naiz, giltzarik gabe nago eta… zure komuna erabili al dezaket?

1-IMG_0995
Saritha haurrarekin sukaldeko atean eta bere ama espinakak txikitzen.

Horrela ezagutu dut Saritha. Oso neska atsegina, urtebeteko haurra du eta oraintxe etorri da Punera senarraren lana dela eta. Aurkezpenetan egiten dizkidaten ohiko galderak egin dizkit: «Nongoa zara? norekin zaude Indian? zenbat ordaintzen duzu pisua?». Indiarra izateko gainera bere txispak harritu egin nau, hau esan dit bere gorpuzkera dela eta: «Ez didazu sinestuko akaso, baina ni lehen fitness-eko irakaslea nintzen; Haurdun geratu nintzen ordea. Eta badakizu zer gertatzen den hemen haurdun geratzen zarenean, denak hasten zaizkizula: jan, jan!! Jan denetik eta jan asko, horrela umeak bere kabuz denetik pilatuko du eta osasuntsu jaioko da. Eta berak ez dakit baina nik ondo akumulatu dut dena!».

Sofan eserarazi nau baina sukaldetik zetorren usainari jarraitu diot segituan… «Bazkaldu al duzu? Oilasko pixka bat egin dugu amak eta biok, rotia ere egin dugu eta orain palak paneer prestatu behar dugu, probatu al duzu?», «probatu? Nire jaki gogokoena da! Erakutsiko al zenidake nola prestatu?».

 SARITHAREN PALAK PANEER-A (ESPINAKAK GAZTA FRESKOAREKIN)

OSAGAIAK: 

– Kilo bat espinaka
– Piper berdeak (berez txileak erabili ditu, ondo pikatzeko)
– Gazta freskoa 700gr
– Olioa
– Marañon intxaurrak edo kakahueteak
– Sei baratxuri ale
– Jengibre pasta (nahi izanez gero)
– Tipula bat
– Esne krema edo gurina
– Espezieak:
  • Erramua
  • Kuminoa
  • Kanela
  • Turmerikoa (nahi duenari Eguberriko oporretan eramango diot)

PAUSOAK:

1)  Espinakak txikitu.

Sarithak ama jarri du lan horretan.

1-IMG_10051-IMG_1002

2)  Txikitu ondoren uretan garbitu eta xukatu.

1-IMG_1009

3) Kazuela batean bi taza ur bota eta irakitan jarri. Ura irakitan hastean espinakak bota. Espinakek gehienez bi minutu egon behar dute irakitan. Gero ura kendu.

1-IMG_1010
Espinaka kiloa ur kantitate horretan irakin du.

4)  Txileak edo piper berdea garbitu eta irabiatu. Berak likuadora erabili du baina irabiagailu elektrikoa ere erabili daiteke. Piperrari gatz apur bat bota bestela zaporea mikazten zaie.

1-IMG_10131-IMG_1016

5)  Espinakak gehitu piperren ontzira eta dena birrindu pasta bat lortu arte.

1-IMG_1017

6)  Kazola batean olio txorrota bat bota eta frijitu bertan tipula bat txikituta, baratxuria txikituta, Marañon intxaurrak eta jengibre pasta pixka bat. Osagaiek kolore pixka bat hartzen dutenean bota erramu hosto pare bat, kumino hazi batzuk eta kanela apur bat.

1-IMG_1027

7)  Espinaka eta txile pasta kazolara bota eta sutan eduki hamar bat minutuan. Turmeriko pixka bat eta gatza gehitu nahi den neurrian.

1-IMG_1036
Turmerikoaren kolore laranja espinaka pastaren erdian.

8)  Gurin zati bat edo esnegaina bota, krematsuagoa egiteko.

9)  Gazta freskoa dadotan zatitu eta lapikora bota.

1-IMG_1043

1-IMG_1050

10)   Dena nahastu eta listo!

1-IMG_1062
Palak paneer-a eta rotia mahairako prest.

Bukaeran, niretzat bakarrik jarri du mahaia  Sarithak, eta atera dit Palak paneer razioa bazkaltzeko. Bera ondoan eseri zait, begira. Eta nik pikantea nola disimulatu ez nekiela… “ze goxoa! zoragarria dago bai, ur pixka bat emango al zenidake?”. Pena izan da pikantearena, ez dut errezeta gozatu gaurkoan baina oso plater goxoa da eta egiteko erraza!

1-IMG_1065

Beltzezko jostunen bilera

1-IMG_0865

Josten ikasten ari diren emakume batzuekin egon naiz. Slum-eko emakumeak dira, arau eta debeku artean bizi dira. Barrea ere galarazita dute, hori da krudelena. Baina jostera biltzen direnean, euren txokoan, arauetatik ihes egiteko parada dute, hemen barre egiten dute.  

Goitik behera oihal beltzez jantzitako emakumeen ondoan jartzeak zirrara eragiten du. Behintzat niri eragin dit. Hasieran. Ez naiz kamera ateratzera ausartu. Bere ohiko jarduna eten dudala uste dut, denak begira nituen, ez zekiten joatekoa nintzela. Deeptik aurkeztu nau eta gero emakumeak banan bana beren izena esan dute.

—Gyoti naiz

—Nik Pallabi izena dut

—Shagupta

—Mubina

—Aisha

Nire txanda iritsi da.

Aïcha, Aïcha, écoute-moi

Barrez lehertu dira, eroso sentitu naiz.

Josten ikasten ari dira, oraintxe hasi dira; botoi-zuloak josi, ohial zati txikiak albaindu… Mubina eta Aisha ditut alboan, pubertaroan daudenez beltzez jantzi eta eskola utzi behar izan dute. Orain jostun izan nahi dute. Koloretako soinekoak egingo dituzte noizbait. Beltzezko jostunak jarri diot testuari baina ez dira denak beltzez janzten, musulmanak baino ez; Hinduak kolore biziko kurtak erabiltzen dituzte. Horrek bakarrik bereizten ditu, ondo ulertzen dute elkar komunitateko emakume gisa.

1-IMG_08421-IMG_0852

Aurreko post batean aipatu nuen Asha-kiran fundazioa. Beraiek sortua da josketa ikastaroa, eta Deepti koordinatzailearen eskutik ezagutu dut nik proiektua. Rajesh markako hiru makina zahar dituzte gela batean jarrita, Euskal Herrian ikusi ohi diren antigoaleko Singer horien tipokoak. Dena dela hariz lotzen dutena baino garrantzitsuagoa da ahoz askatzen dutena. «Hitz egiteko leku bat da hau, norbaitek entzun egingo dituen espazio bakarra. Gainera dirua irabazteko aukera dute jostun egiten badira» azaldu du Deeptik. Proiektuaren arrakastaren giltzarrietako bat gertutasuna da: «komunitatean bertan eskaintzen dugu ikastaroa, eta etxetik gertu dutenez senarrak errazago konbentzitzen dituzte baimena lortzeko, gainera dohainik da».

Jostorratzak baztertu eta hitz egiten hasi gara. Deeptik egin ditu itzultzaile eta bitartekari lanak. Goxotasuna eta errespetua magiaz uztartzen ditu, bistan da lanak bete egiten duela.

1-IMG_0859

Etxeko arazoez hitz egiten dute sarri jostunek eta horrek arindu egiten dizkiete kargak, «Hemen barre egiten dugu» esan dit batek, «eta ahoa estali gabe gainera, ohiturak dioenaren kontrara». Oihal beltzez estalitako emakumek ere barre egiten dute hemen, libre. Barre egin dute, adibidez, gizonek ere platerak garbitu ditzaketela aipatu dugunean, «Bai, badakigu etxeko ardurak eta lanak senarrarenak ere badirela baina ez diegu eskatzen…».

«Emakumeen egoeraz ere jarduten dugu, zergatik gertatzen diren hainbeste bortxaketa adibidez», aipatu du Pallabik, hitz egiteko orduan bera izan da ausartena. Hiru arazo larriez mintzatu dira emakumeak:

Bortxaketak.  komunikabideek arazoa okertu dutela diote, lehen telebistan ez zela indarkeria eta sexu eszenarik ikusten edo ez zirela pelikula pornografikoak hain erraz lortzen. «Ez da sexualitateaz hitz egiten, eta gazteentzat pelikulak dira erreferentzia bakarra. Haietan ikusitakoa praktikan jarri nahi izaten dute mutilek eta gizonek eta edozein emakume hartzen dute horretarako» itzuli dit Deeptik emakumeen iritzietatik. Eta gaineratu du: «Gizarte patriarkala da arazoa, emakumezkoa menpekotzat ikusten dute gizonek. Gainera, badakite biktima aukeratzen: emakume ahulena hartuko dute, erresistentziarik jarriko ez duena; neskatilak adibidez. Eta errua beti neskarena izango da».

Presio soziala. Hau da bildutako emakumeen iritziz arazo gogorrena, besteek zer pentsatuko duten horrekin bizi beharra. Banan-banan adibideak ematen hasi dita:

  • Ezin dugu iritzia eman, gaizki ikusita dagoelako.
  • Ezin dugu familiatik kanpoko gizonekin hitz egin.
  • Ezin dugu kalera irten. Eta irten behar izanez gero zazpietarako etxean izan behar dugu.
  • Jantzi beharrekoa ezarrita dugu.
  • Ezin dugu barre libreki egin.
  • Emakumeak gainontzekoek jan dutenean jaten dute, besteei sobratu zaiena. Haragia beti gizonezkoentzat da.
  • Burua estali behar dugu familian daudenean (amaginarreba izan arte)…

1-IMG_0873

1-IMG_0878

Nesken jaiotzak. Emakumeak karga bezala ikusten dira komunitateetan: gaizki tratatuko dute, ezkontzean beste familia batera joango da eta gainera dotea eman beharko du… zertarako erditu neskak? Emazteek izugarrizko presioa izaten dute. «Baina, emakumeak garrantzitsuak gara: Gu gara ama, emakume gabe ez dago jaiotzarik» arrazoitu du Pallabik, gehien hitz egin duenak.

Nilofer-en ukitu positiboa

Bilera amaitzear geundela Niloferrek, ordurarte isilik egon den emakume batek zerbait gehitu nahi izan du, kopeta ere osorik estaltzen dion niqab-a darama Niloferrek: «zergatik ari gara gauza txarrak bakarrik esaten? Gero berak atzerrian kontatuko ditu eta irudi oso txarra emango du. Baina esan dezakegu adibidez Indiako presidentea emakumezkoa izan zela 2012 arte eta Puneko polizien nagusia emakumezkoa dela».

Bade hokar aap kya banna chahte ho?

Zer nahi duzu izan haunditan?

Galdera nola galdetu hasi naiz lehendabizi. Etxepeko garbitzaileengana joan naiz eta hasi dira komeriak. Beren ingelesa eskasa ta nire hindia okerragoa, ez dugu elkar ulertu. Atera dut hiztegia, ta parrez hasi dira ni ingelesa, hindia eta gorputz mintzaira nahasten hasi naizenean:  “cam” (lana), ”chota” (txikiek), “grown up” (hazi)? Alferrik izan da.

Postetxe batera joan beharra nuen eta han gizon bati galdetu diot:

— Nola galde dezaket hindiz: zer nahi duzu izan haunditan?

— Ni ingeniaria naiz.

— Ez, ez baina umeei galdetu nahi diet, nola galdetu beharko nuke?

— Pilotu izan nahi dute gehienek.

— A bai? Hara… baina hindiz nola galdetzen da?

— Ez, baina ez dizute ulertuko.

Hizketa mota hau klasiko bat da Indian. Eta nire artean “Oommm” pazientziaren deia egin dut.

— Bade hokar aap Kya banna chahte ho?

— Eskerrik asko!

 

01-IMG_0882

 

Rinkasin, 12 urte. IRAKASLEA izan nahi du

 

1-IMG_0898

 

03-IMG_0890

 

Rinkasin, 12 urte. IRAKASLEA izan nahi du

 

Rinkasin, 12 urte. IRAKASLEA izan nahi du

 

08-IMG_0921

 

11-IMG_0942

 

12-IMG_0956

 

1-DSCN0484[1]-001

Goiz bat Lakshmiren etxean

Indiako ohiturak jarraituz oinetakoak erantzi, eta sartu gara etxera Eshana eta ni.

–Namaste. IMG_0812

–Namaste.

Indiako ohiturak ahantziz muxuak eta besarkadak eman dizkie Eshanak etxekoei. Hoztasunez jasotzen dituzte mimoak. «Badakit ez zaiela gehiegi gustatzen, baina nire ohitura da eta onartu egiten dute».

Eshana kataluniarra da, baina ez da atzerritar arrunta: Indian jaso zuen izena erabiltzen du (desira esan nahi du Sanskritoz), eta gutxitan elkartzen da gainontzeko atzerritarrekin; txurien planetatik alde egin eta aterpea bilatu du bere familia indiarrean. Duela sei bat urte iritsi zen Eshana Punera, GKE batean lan egitera. Orduan ezagutu zuen familia, GKEko Fundatzailearen bitartez. Eta ordutik ia astero bisitatzen ditu. Nik ere ezagutu nahi nuen bere familia indiarra, eta eraman nau azkenean.

Lakshmi da ama, aitarik ez da ageri, eta hiru seme alaba gora eta behera dabiltza. Beno hirurak ez, seme gazteena kieto dago lurrean, Rangoli bat osatzen ari da etxeko aldare aurrean. Koloretako hareaz zoruan egiten den marrazkia da Rangolia.

IMG_0787

Eta iritsi zait kafea, eta galderak egiteko txanda. «Zergatik zuri eta niri bakarrik? Beraiek ez al dute kaferik eta gailetarik nahi, Eshana?». «Guk gaur barau eguna dugu, Navratri festaren hasiera delako, horregatik ari naiz Rangolia marrazten, eta bederatzi egunez ez gara aulkietan eseriko, zoruan bakarrik», aldare aurrean marrazten ari den gazteak erantzun dit, Akshay da bera.

IMG_0747IMG_0748

IMG_0763IMG_0768IMG_0776

Berriketan hasi eta amak seme baten falta duela konturatu naiz. «Eta non da ba?», «Spain» amak, «Donostian!» Eshanak, «Hara!». Orduan etxeko alaba bakarrak, Chandra-k, koko bat hartu eta hura apaintzen hasi da aldarean, «jainkosaren irudia egingo dut kokoarekin». Durga jainkosaren omenez ospatzen dituzte egun hauek, eta harrigarria izan da pausoz-pauzo kokoari Durgaren itxura nola eman dion: lehenengo margotu, gero begiak eta ahoa jarri, gero jantzi, gero belarritakoak… zenbat filigrana, zenbat detaile batzuetan; eta zer nolako soiltasuna besteetan: amak esan digu «jana?»,  guk «ez, lasai», eta amak berriz «ondo da».

Eta pixkanaka dena kontatu didate: Familia Karnataka-tik (India hegoaldeko estatua) etorri zen Punera lan bila. Hemen jaio ziren semeetako bi (lau dira guztira) etxerik ez eta kalean bizi ziren denak. Gizonak edan egiten zuen eta zorrak sortu, amak familiatik bota egin zuen. Semeetan azkena, Akshay, ttipiegia jaio zen eta ez zuela bizirik iraungo esan zioten. Orduan Uilhas (falta den semea), mutil koskorra, atzerritarren kafetegietara joaten zen eskean, anaiarentzat esnea erosteko diru eskean. Hala, egun batean Uilhasek Juleni eskatu zion dirua. Eta Julenek dirua baino zerbait gehiago eman zion.

Julen donostiarra da, eta sarri bidaiatzen zuen Indiara, kaleko haurren egoerak kolpatuta Asha-Kiran fundazioa sortu zuen 2002an (hau da Eshanak lan egiten duen GKEa). Eta sasoi horretan ezagutu zuten elkar Julenek eta Uilhasek. Hasteko, Julenek bidaia bat proposatu zion Uilhasi eta eskean ibiltzen ziren beste bi haurri: hondartzara eraman nahi zituen, opor batzuk oparitu nahi zizkien kaleko ume horiei. Lakshmik, amak, ezezko borobila eman arren semea Goa-ra joan zen, itsasoa ezagutzera, eta zortzi egun negarrez pasa zituen semea lapurtu ziotela pentsatuz. Baina itzuli zen Uilhas, pozik.

Julen Uilhasen familia laguntzen hasi zen apurka, etxetxo bat, dirua, jatekoa eta lana. Atzerritarra gero eta sartuago zegoen familian eta orduan egin zuen bigarren proposamena: «Lakshmi, zure semea nirekin eraman nahi dut bizitzera». Eta amak hasieran ezetz. Baina Uilhasek ere desio zuen eskaintza, kaletik mundu berri batera joatea. Horrela iritsi zen Uilhas Donostiara.

Uilhas_Zumaian
Uilhas Algorriko puntan, Zumaian. Orain Madrilen bizi da eta Asha-Kiran fundazioan egiten du lan.

Eta amak zenbat negar, bere semetxoaren faltan… baina sarri etortzen da Uilhas amarenera, urtean bizpahiru aldiz. Eta amak errietan egiten dio zigarroa erretzen duelako, eta errietan egiten dio Juleni ere erretzen uzten diolako. Baina Uilhas pozik dago eta osasuntsu, amak badaki: «Hemen jarraitu izan balu ez luke aurrera egingo, bere lagunak kartzelan daude, edo hiesak jota, edo ez daude…»

Lakshmik eta bere familiak, beren xumean, ez dute ezeren faltarik: «Lehen ez genuen ezer: ez dirurik, ez etxerik. Nik eraikuntzan egiten nuen lan eta egunean hogeita hamar rupia (0’50€ baino gutxiago) irabazten nituen asko jota». Orain etxea dute eta ikasteko lekua ematen die ilobei eta auzoko haurrei etxean. Uilhasek Asha-Kiran fundazioan lan egiten du. Eta ez al hau jasotako eskuzabaltasuna ematearen eredua?

IMG_0794
Zubi lana ere egiten du Eshanak familian, India eta Euskal Herri artean, “horregatik ere gustatzen zaie ni hemen egotea”.

 

“Ikusko gara zeruan”

Ezusteko polita hartu nuen Punen, etxetik hamar minutura bizilagun euskaldun bat nuela jakietan: Sister Milagros. Han joan nintzen gazta eta guzti aita santuaren seminariora, sor Milagros Urrutia ezagutzera. Hamazapi urterekin irten zuen Azpilikuetatik, Bartzelonan eta Londresen ikasten eta lanean egon zen eta Indiara 35 urterekin iritsi zen Karmelita misiolariekin, orain 33 urte. Euskara goxoan eta gazteleraz egin dugu elkarrizketa, Gandhiren jaiotzeko urtemugan, urriak 2an baina ahotsa xuabetzen du Kastei buruz hitz egiten duenean, gaia tabu bat da oraindik, Gandhiren berdintasunaren ametsa urrun dago oraindik.

IMG_0730

Zergatik erabaki zenuen Indiara etortzea?

Erizaina naiz eta Bartzelonako ospitale batean nengoen lanean. Gogoko nuen lana, baina ez ninduen betetzen, medikuak oso berekoiak iruditzen zitzaizkidan eta nire mundua zabaltzeko gogoa nuen. Misioek eta Indiak asko erakartzen ninduen. Ez nuen erizain bat gehiago izan nahi. Agurra zaila izan zen, gure aitak esan zidan: ez kezkatu niregatik zure bidea han dago eta ikusko gara zeruan.

Zein izan zen Indian jaso zenuen lehen inpresioa?

Jendea oso abegitsua zela, zenbat eta pobreago orduan eta abegitsuago gainera. Ez zara etxe batetik tea hartu gabe irtengo. Gujarat-era (India iparraldeko estatua) iritsi ginen eta hango hizkuntza ikasten egon nintzen denboraldi bat. Egia esan, hasiera gogorra izan zen.

Zer lanetan jardun duzu?

Lehenengo Mother&child (ama eta umea) programa sortu genuen, haurdun zeuden emakumeak eta umeak artatzen genituen etxez etxe. Gurekiko erreparo asko zituzten hasieran eta artatzen uztearen truke jatekoa ematen genien. Herrixka urrunetara eta txikienera joaten ginen, Ahmedabad inguruan. Bitartean barnetegi bat sortzen hasi ginen hezkuntzarako aukerarik ez zuten haurrentzat, kosta egin zitzaigun ikasleak lortzea. Gainera kasta desberdinetako haurrak hartzen genituen eta hori ere oztopoa zen: ez zituzten beren seme-alabak kasta baxuagoekin nahastu nahi. Hamahiru urte egin nituen lan horretan.

Hurrengo hamar urteetan legenarra zuten gaixoekin egin nuen lan, oso esperientzia aberasgarria izan zen. Ondoren, 58 urterekin erretiro ofiziala eman zidan Indiako gobernuak, eta orduan Pune-ra etorri nintzen eta konbentuko eta apaiztegiko erizaina naiz.

IMG_0738-001

Kasten antolaketak lana zaildu al dizute?

Kastak dira Indiako izurrite handiena, ez du pertsona garatzen uzten. Jendeak herrietan kasta jakin bat baldin badu ez du beste ezeren beharrik sentitzen, irakurtzeko edo idazteko premiarik ere ez dute, abizen bat badutelako. Euren artean sekulako bazterketak egiten dituzte. Ezkontzetan ere ezin da kasta nahasketarik egon, arrazoi horrek ere erailketa eta suizidio kasu asko sortzen ditu.

Oso gai konplexua da, eta ezin da gai honetaz hitz egin inondik ere, guk ez dugu aipatu ere egiten! Gaur egun, hirietan ez da hain nabarmena, baina herrietan gauzak ez dira ia aldatu.

Gu borroka baten erdian egon ginen behin gure txoferra Adivasia zelako, hil egingo zutela mehatxu egin ziguten eta ezkutatuta egon ginen denbora luzez, beldur handia pasa genuen. Azkenean esan nien nire laguntzailea Bhraman baten alaba zela (gezurra zen baina) eta horrela bakean utzi gintuzten. Adivasi Indiako jatorrizko taldeei ematen zaien izena da. Kastetatik at geratzen dira eta “Kastarik gabekoak” esaten diete, beraz, behe-behean daude. Nik beti esan diet pertsonak berdin tratatu behar direla.

Nik Baztanen ikusi izan dut Agoten bazterketa eta, eta horrekin alderatuko nuke. Uste dut euskaldunak ere Adivasi garela edo izan garela geure lurrean nolabait, bertakoak eta gutxietsiak.

IMG_0824

Emakumeen egoera nola ikusten duzu?

Ene! Hori ere herrialde honen erroka garrantzitsuenetako bat da. Emakumeak ez du ahotsik ez baliorik, edozein eratara tratatzen dituzte. Batez ere musulmanen artean, esklabutza hutsa da.

Zer eman dizu Indiak urte hauetan?

Aurreko urtean ahizpa eta iloba batzuk bisitan etorri zitzaizkidan eta alde batetik bestera ibili nituen. Lan egin genuen komunitateetara joan ginen eta haiek hunkituta geratu ziren jendeak nola hartzen ninduen ikusi zutenean.

Bestalde, gaur egun, gure barnetegiak ez du ikasle gehiago hartzeko lekurik! gu lau ikaslerekin hasi ginen gelatxo batean, han egiten genuen denok lo! Gogoratzen dut baita ere, legenardun jendearekin lan egiten nuenean jendeak esaten zidan: «Ni familiak etxetik bota nau eta zuk zizareak kentzen dizkidazu!»

Eta batez ere nire mundua nola zabaldu den ikustea gustatzen zait, askoz irekiagoa naiz.

IMG_0819-001

________________________________________________________________

Maria Teresa Unzu

IMG_0687

Bestelako ibilbide bat izan du sister Maria Teresa iruindarrak. 70 urte beteko ditu Indian, hamasei anai arreba eta gurasoak Nafarroan utzita abiatu zen misioetara hogei urterekin. «Gibraltarren itsasoratu ginen, Bathory Itsasontzi poloniarrean eta hamaika eguneko bidaia egin genuen, etxera ez itzultzeko botoak eginda (gero, bost urtetik behin etortzeko baimena izan genuen)».

Gujarat estatuan ia berrogei urte eman ditu, hainbat eskoletako zuzendari izan da, tartean Indiako lehen eskola publikokoa; eta neska eskola bat ere zuzendu zuen, «arkitekto eta mediku pila bat atera ziren handik nik lekua utzi nuenerako».

Erretiroarekin Punera etorri zen eta komentuko lanez gain, emakume taldeentzat ikastaroak antolatu eta familia behartsuentzat laguntzak bideratzen ditu. 90 urteren bueltan burua argi du hango eta hemengo politikaz edo futbolaz aritzeko. Teresak ez du sorlekura itzultzeko asmorik, Indiari eskaini dio bere bizitza.

Teresa eta Milagros, sinesmenak eta bokazioak Indiara ekarri zituenak, bertako jendearen abegitasuna nabarmentzen dute; ba biak ere ezin gertuagokoak sentitu ditut, berezia izan da beraiekin pasatako denboratxoa, polita.

Niharen begirada

Larunbaterako elkarrizketa hitzartua nuen familia indiar batekin eta azkeneko momentuan, kale! hurrengo astera atzeratu dute zita. Eta ni astelehenean blogean zintzilikatzeko post gabe! Larrituta, motoa hartu eta, benetako kazetariak bezala, istorio bila irten naiz kalera.

hirukotea motoan

 Lehenengo helburua bezperan altoa eman zidan polizia bilatzea izan da, neska gazte bat zen, ordubeteko ika-mikaren ostean eta 200 rupiaren truke (2,5€), joaten utzi zidana. Gelditzen bazaituzte ezin ordaindu gabe alde egin, isunik jartzen ez badute ere.

Nekagarria da, aste honetan lau aldiz geratu naute. Behin arrazoiarekin, bale, hiru lagun gindoazen motoan eta oso erakargarria iruditu zitzaien poliziei, kanpotar itxurak gelditzeko aukerak nabarmen igotzen ditu. Baina orokorrean, motibo gabe geratzen zaituzte, eta dirua eskatzeko aitzakia bila hasten dira. Kontuak kontu, gaur ez dut emakumezko poliziarik ikusi.

Bigarren aukera: hiriko gune pijoko taberna hippy-ra joango naiz eta tunika granatez ibiltzen diren atzerritar horietako bat harrapatuko dut. Osho meditazio zentrora etortzen dira, meditatzera. Eta han, tunika artean piztu zait bonbilla granatea: “Nicole!”.

Love is in the air

Mezu guztien bukaeran love jartzen duen horietakoa da Nicole: “Bai Mari, ordubietan nire etxean. Love;” edo ”ba al zatoz yogara? love”. Bai, baina pertsona sakona da eta bere baretasunak edo barne bakeak inbidia ematen du. Nicole alemaniarra da eta Indiako espiritualitateak lotuta dauka, tunika granatez ibiltzen da sarri.

IMG_0680 IMG_7791

Yogak ekarri zuen hona, lehenengoz 2009an: “Rishikesh-era egin nuen bidaia bat, Yogaren munduko hiriburua da eta asko gustatu zitzaidan, konexio berezia izan nuen herrialde honekin eta neure buruarekin; eta sarriago etortzen hasi nintzen”. Yoga eta meditazioa landu zituen Indian barrena bidaiatuz, han, hemen, goian, behean, alde batean eta bestean; eta halako batean Goa-ra iritsi zen. Indiako hondartzen harribitxira. Eta hor “klik” egin zion buruak, eta esan zion: “Nicole leku honekin lotura izan behar duzu, zerbait egin behar duzu”. Eta agian yogak  ematen duen indar horri esker, Yoga irakasle izateko eskola bat ireki zuen Goan.

IMG_0642

Hirugarrenean, Niha

Nicolen istorioaz idaztea erabakita nuela etxerantz abiatu naiz. Baina bidean eskale familia batengana gerturatu naiz, espaloian bizi dira, ezagutzen dugu elkar bistaz. Hala ere, elkar ulertzeko arazoak izan ditugu. Tira, ez dago asko ulertu beharrik egoera horietan. Edo bai…

IMG_0661

Hasieran lauzpabost lagun nituen inguruan, baina semaforoan berdea piztu eta kotxeak martxan hasi direnean, errepideko haur eskale denak inguratu dira, korrika batean, itxaropenez. Dirua, janaria eta arropa eskatu dizkidate; esnea, txokolatea eta karameloak eman dizkiet.

“Hau gorra da”, “honek azalean gaixotasuna du”, esan dit ama gazte batek, “nik ez dut gurasorik eta loreak saltzen ditut semaforoetan” esan dit Nihak. Eta ni asteleheneko postarekin kezkatuta… eta Niharen begiradak bihotza zeharkatu dit; Eta argazkia atera diot, eta gaizki sentitu naiz. Eta ez zait bere begirada burutik kentzen.

IMG_0656

 

40 minutuko nobioak

IMG_0633IMG_0638

«Ezkondu ondorengo egunak oso gogorrak izan ziren, ezezagun batekin nengoen logelan. Atsegina zen nirekin eta ez ninduen ezertara behartu, baina ohe berean egin behar genuen lo, gau hartan eta bizi guztian. Ezinegona nuen».

Hiru hilabete geroago etxera itzuli zen Purvi familia bisitatzera. India iparraldeko herrixka batera, eta senarraren falta sumatu zuen. «Maitatzen hasi nintzela konturatu nintzen»

Bi baldintzek mugatu zuten Purviren ezkontza, aitak jarritakoak: «Ez da maitasun ezkontza izango (pozoitu egingo zaitut bestela)» eta Purvik horri erantzundakoak: «Pertsona irekia izan dadila».

Zazpi nobio hilabete t’erdian 

EngagementEta zazpiak baztertu egin zituen Purvik; tira ez, gizon batek berehala eman zion ezezkoa Purviri: betaurrekoak erabiltzen zituelako. Eta tira, nobio izena ere ez dute merezi, berrogei minutuko zazpi zita izan ziren-eta. «Horrelakoak dira ezkontza mandatuak hemen, senargaiaren aurrean eseri, lauzpabost galdera egin elkarri eta kito».

Bi aldeko familiak biltzen dira, «gurasoek ondo erakutsita iristen gara hitzordura, “ez egin galdera zororik, ez gehiegi hitz egin…” elkarrizketan batik

bat familiei buruz galdetzen da: zenbat garen, anai arrebak ezkonduta al dauden, nora ezkondu diren…; eta gero zer espero dugun ezkon bizitzaz, diru kontuak… aipatzen dira».

40 minutu bizi guztirako dira

Ezkontzahurrengo hitzorduan ezkondu egingo zara eta. «Nik zorte handia izan nuen, hautagaiak ukatzeko baimena izan nuelako. Oso zatarrak ziren edo oso kontserbadoreak. 40 minututan ezin zara maitemindu, bai ordea gizonari traza hartu».

Zortzigarrenean etorri zen baiezkoa, Nayan-ekin. «Oso guapoa zen. Eta irekia. Eta diruduna».

Orain hogeita bi urte ezkondu ziren, «ni familia itxi batetik nentorren, herri txiki batetik eta Nayanek gauza asko erakutsi zizkidan. Ezkondu eta urtebetera abortu gogor bat izan nuen eta hain ondo zaindu ninduen erabat maitemindu nintzela».

Adostutako ezkontzen aurka dago Purvi, «ez nioke nire semeari horrelako ezkontza bat proposatuko, ezta pentsatu ere; aske da nahi duena egiteko»; baina aitortzen du, adostua izan arren: «Nik ezingo nuke senar hoberik topatu, batzuetan funtzionatzen du».

Radhanagar 20101109 033